|
ABENDUKO IV. DOMEKEA OSPAKIZUNA ABENDU ALDIKO IV. DOMEKA C URTEA. CARITASEN GABONETAKO KANPAINA: «50 años dando la cara" / "50 urte jo eta ke» 1.- Sarrera (ohargileak) Beste domeka batez anai-arrebekin bat egiten dogu bizia ospatzeko, itxaropena sustatzeko, Jaungoikoa goratzeko eta fedean hazteko. Caritas datorkigu ospakizunera gabonetako kanpainagaz. Elizbarrutiko Caritasen 50. urteurrena ospatzen dihardugu. Aurtengo goiburuan dinoenez: “50 años dando la cara” / “50 urte jo eta ke”. Konpromisoz –gehienetan anonimoa eta isila-betetako urteak dira, Jesusi gustatzen jakon lez: “zure eskumeak ez dagiala jakin zure ezkerrak egiten dauana”. Zelakoa da gure Gabonetako Jaiotza? Jaiotza horretan ezohiko pertsonaiak jartzeko esaten jaku gaur: Afrikatik etorri eta hotz diranak, egun batean lana izan eta gero egun askotan inork lanik eskeintzen ez deutseenak, nagusiak diran, seme-alabak dabezan, bakarrik dagozan eta dana euren kargu daben emakumezkoak, drogazaleak, eskubide bako atzerritarrak, gaur gauean kartoi batzuez estaliko dana… Guzti horiek dira Jesusen jaiotzaren eta artzainen bisitaren aurpegi barria. Caritasi esker, egoera honeek bizi dituan milaka gizon eta emakumeri izarra, Epifania barria biztu jake euren bizitzan. Natibitate egunerako ordu batzuk falta jakuzala, bat egin dagigun profeten eta Amabirjinaren fede eta alaitasunagaz, ospakizun hau ospatzeko Zutunik, abestu deiogun gugana datorren Jaunari: Abestia: Kanta daigun guztiok bihotza betean gure Salbatzailea etorri artean 2.- Agurra (Zuzendariak) + Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean. Amen. + Salbatzera datorren Jauna izan bedi gurekin. - Amen ABENDUKO KOROA Sinbologia hau erabilten bada… OTOITZA LAU KANDELAK BIZTEN DIRANEAN Prestatu gaitezan Gabonetarako, Abenduko koroaren lau kandelak biztuz. Lau kandelak bizten diran bitartean, abestu edo ondorengo otoitza esan. Abendu aldiko azken domekan lau kandela honeek bizten doguzanean, Maria, zure ama, dogu gogoan. Inork ez zinduzan itxaron gogotsuago eta maitasun gehiagoz. Inork ez zinduzan hartu poz haundiagoz. Guk ere holantxe gertatu gura dogu gure barrua: fedez, maitasunez eta eguneroko lanez. Zatoz laster, Jauna, zatoz gu salbatzera! 3.-Damu otoitza (Zuzendariak) + Jaungoikoak, jaiotzerakoan, azken lekua aukeratu eban. Guk aintza eta aberastasunak amesten doguz. Barriro jaio beharko geunke. Isilunea egin Ilunpetan bizi diranak argitzera zatozan munduaren Argia: ERRUKI, JAUNA. Zure herria egia eta zuzentasunaren bidetik eroatera zatozan gizateriaren Gidaria. KRISTO, ERRUKI. Gure makaltasunaren zauriak osatzera zatozan bizi iturria: ERRUKI, JAUNA. +Heldu daitela Jauna, Zugandik gugana Zure grazia eta parkamena. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. - Amen. Gaur ez dago aintzarik. 4.- Otoitza (Zuzendariak) Egin dagigun otoitz isilune laburra + Zatoz, zatoz nire bizitzara, Jauna, nire etxera, sartu zaitez konfiantza osoz, zure zain nago. Zatoz nirekin, zatoz lur honetara, bizitza, hain zaila egiten jakun toki honetara. Zatoz berriz ere, emoiguzu beste ikasgai bat eta irakatsi txiroen ahotik Zuri entzuten, zure etorrereak, hobeak izaten lagundu daiskun. Jesukristo gure Jaunaren bitartez, zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta Errege bizi da-ta gizaldi eta gizaldietan. - AMEN HITZAREN LITURGIA 5.- Lehenengo irakurgaiaMik 5, 2 5 :(Ohargileak) Belen ez da esparru geografiko hutsa; Mariak eta Jesusek egin eben lez, apaltasunez eta Jaungoikoaren agintzariak betez jokatzearen esparru sinbolikoa ere bada. Mikeas Profetaren liburutik Hauxe dino Jaunak: «Zu, Efratako Belen, Judako herritxuetan txiki hori, zeugandik jaioko da Israelgo agintaria, Aspaldikoa da haren sortzea, betiko egunetakoa. Horregaitik, itzi egingo ditu Jaunak, amak umea ekarri arte. Orduan, haren anai «ondarrak» Israelgo semeetara bihurtuko dira. Zutunduko da, eta Jaunaren indarrez larratuko ditu, Jaunaren, euren Jaungoikoaren, izen handiz. Nasai biziko dira, handi agertuko da ta lurraren mugetaraino ; eta bera izango da gure bakea». Jaunak esana! 6.- 79 Salmoa - Egin dagigun otoitz salmoarekin. Esan deiogun "emoiguzu zure salbamena" "Jauna, zure maitasuna erakutsi eiguzu, zure salbamena, emoiguzu" Israel go Artzain, entzun eiguzu, Kerubin gainean jesarri zara, zure indarrari eragiozu, zatoz eta salbau gagizuz. Bihurtu zakiguz, gudari taldeen Jainko, begira zerutik, ikusi, mahatsondo honi agertu zakioz zeure eskuz aldatu dozun aldaska honi, Zeuk indartu dozun landareari. Emoiozu eskua, aukeratu dozun gizonari, Zeuk indartu dozun giza semeari. Ez gara Zugandik urrunduko, emoiguzu bizia eta zure izena dogu deituko. 7.- Ebanjelioa Lk 1, 39 45 - Maria ez da bizi gauzakin arduratuta. Bereaz ahaztu eta beharrizanean dagoen lehengusineari laguntzera doa. Eredu ederra gu guztiontzat. Zutunik, " Aleluia " abestu daigun. Aleluia... Hona hemen ni, Jaunaren mirabea; jazo bekit zeuk dinozun lez. Aleluia... + Jesukristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik Aldi haretan, Maria jagi eta bizi bizi mendialdera joan zan, Judeako herri batera; eta Zakariasenean sartu, eta Isabeli agur egin eutson: Mariaren agurra entzun ebaneko, Isabeli salto egin eutson umeak sabelean. Isabel Espiritu Santuaz bete zan, eta honan esan eban oihu handiz: Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko frutua. Nondik niri neure Jaunaren Ama nigana etortea? Zure agurra, nire belarrietara heldu orduko, salto egin deust umeak pozez sabelean. Zorionekoa zu, sinistu dozulako : Jaunak beteko dau esan deutsuna! Jaunak esana! 8.- Homilia + Senideok: Gabon jaien atarian gagozala bat egin daigun profeten eta Amabirjinaren fede eta poztasunaz otoitzaldi hau egiteko. Fedea beti da pertsonaren bizikizuna. Azkenean bakoitzak berak sinisten dauana ez da entzuten dauana, ostera bere bihotz barrua ikutu dauana baino. Fedearen jarrerak eusten gaitu beti Jainkoari entzuteko eta bere esandakoari erantzuteko prest egotera. Maria da holako fede bizi eta fidatzailearen eredua. Badaki bihotz eta gogoz Jainkoaren Berbea entzuten eta beteten. Isabel, bere lengusinak honela goratzen dau: "Zorionekoa Zu sinistu dozulako" Baita zorionekoa zu, entzuten deustazuna, benetan sinisten badozu, bizitzan jazo leiketzun onena da-ta. Maria beragaz ahaztu eta arin prestatzen da bere lengusinari laguntzeko. Gizon egindakoa Jainkoagan sinisten dauanak, beste era batera bizi behar dauala sentizen dau. Honegaitik ezin dau batek sinistu eta bere gauzatxuetan bakarrik murgilduta bizi. Gaurko ebanjeliotik gabonetarako eta bizitza osorako jarrerak ikasi daikeguz, gure azalkeri, kontsumokeri, itxura eta norberekeria baztertuz. Zoritxarrez "Gabona" sal erosketa bihurtu dogu. Honegaitik ez da harritzekoa batzuk eurentzako ilunak dirala entzutea eta hainbat arinen igaro daitezela gura izatea. Jesusen jaiotzak ez dau kanpotik barrura pozten, barrutik kanpora baino. Maria seindun dago, baina badaki emon jakon dohaina ez dala barruan gordetzeko eta emon jakon poza ez dala berarentzat bakarrik eta behar izanean dagoarengana martxan jartzen da. Gaur baita parroki guztietan Karitasen "gabon kanpainaren eguna" ospatzen dogu. Aurtengo lema: "Azkenak" hau da: anonimoak, agiri bakoak, familia eta gizartearen zama direnak, txiroak eta oinazetuak negar egin eta gose diranak ez ulertuak eta persegituak. Danak dira Jainkoaren seme alabak eta euren bitartez deituten deusku zeozer egitera euren egoera larria biguntzeko. Errez esaten da baina 12 miloi ume bost urte bete barik urtero hiltzen da. Hamabi miloi horietatik 6 miloi desnutrizioaren eraginez hiltzea ikaratzekoa da eta bien bitartean gure umeak gauzaz, jostailuz eta gozokiz leporaino beteten doguz. Hemengo umeen saltoak ume pobreen poz salto bihurtzen ez badogu,ez dogu gabona poztuko. Gure umeei erakusten ez badeutsegu maitasunezko bisita izan behar dauela gabonak, azal hutsean geratuko jaku. Mariaren umeak Isabelen umea poztu eban modura, gure umeak munduko ume pobreak poztu behar dabez. Guk ere Mariaren antzera esan daigun: "Hemen nago zure nahia beteteko" eta holan Jesusi benetan eta bihotzez zorionak emongo deutsaguz. Hitzaldia Abendu aldiko azken domeka honetako pertsonajea Maria da. Maria kristauontzat eredua da: sinismen eredua, itxaropen eredua. "Zorionekoa zu sinistu dozulako". Mariak konfiantza guztia jarri dau Jainkoarengan. Berak ziurtasun osoa dauka Jainkoak gizadia salbatuko dauala. Baita Jainko salbamen hori posible izateko berak, bere aldetik, Israelgo emakume apal bat izan arren, kolaborazio guztia emoteko gertu dago. "Hona hemen Jaunaren mirabea, jazo bekit zuk dinozun lez" Honela erantzun eutsan Mariak, Jaungoikoak, aingeruaren bidez egindako eskabideari. Hauxe da Jaungoikoak gugandik itxaroten dauan jarrera: Beragan eta bere salbamen proiektoan sinistu dagigula. Naiz eta gauzak txarto, egoera larria bizitzen aurkitu... gure Jaungoikoa mundu honetan, bere seme Jesusen bidez, hutsik egingo ez dauan salbamen hazia erein dauan Jainkoa dala sinistu. Eta Jainko salbamen asmo horreik aurrera urtengo dauan ziurtasun osoa izan; oso osoan fiatu. Eta ni, ezer gutxi izan arren, Jainko ber berak, Maria aukeratu eban lez, bere salbamen proiektoak aurrera eroateko, aukeratu nauala kontuan jausi. Eta horrek poztu egin behar nau. Eta neure aldetik egin behar dodan guztia egiteko gertu egon. Gure erantzunak, Mariaren antzekoak izan behar dau: "Jazo bekit zuk dinozun lez" Mariaren presentzia poz iturri eta salbamen sortzaile da. "Bedeinkatua zu eta bedeinkatua zure sabeleko frutua... zure agurra entzutean umeak, pozez, salto egin dau nire sabelean" dinotso Isabelek Mariari. Baina Maria poz iturri eta salbamen erakarle ez da bere indarrez eta bere ahalmenez, Jainkoz beterik egoalako baino. Ez dago gure indarretan inor salbatzea, poztasun sortzaile izatea, itxaropen eraile izatea. Jainkoa da guzti horren iturri. Jainkoz beteriko gizon emakumeak bakarrik iragarriko dabe Jainko salbatzailea. Gure presentzia benetan salbatzaile eta. poz iturri izatea nahi badogu Jainkoz bete beharko gara. Mundu hau ez dau benetan salbatuko ez aurrerapenak, ez diruak, ez teknikak... Jainkoa da Salbatzaile bakarra. Eta gu Salbatzaile horren eta salbamen horren testigu eta zabaltzaileak gara. Guk ere, Mariaren antzean, Jainko Espirituz beterik, gure lasaitasunetik eta gure norberekeriatik urten eta zerbitzuaren "menditik gora" abiatu beharko gara gure beharrizena daukan "lengusina" batenganako bidean. Jokatu daigun Jainko Espirituz beterik bizi diran gizon emakume lez. Espiritu horrek markatzen deuskun bideetatik, naiz eta sailak izan, ibili gaitezan. Eta era horretara izan gaitezan poz iturri eta salbamen sortzaile, poz eta salbamen premina handiena daukenen artean. Gabon jaien esanahia: "Jainkoa gurekin" da. Prestatu gaitezan Jainko hori gure bihotzetan onartzeko. Eta Jainko horren presentziak bete dagizala pozez gure bizitzak. Eta joan gaitezala, Mariaren antzean, poz hori gizon emakumeen artean, bereziki poztasun gitxien bizi dabenen artean zabaltzen. 9.- Sinismen autorkuntza (ohargileak) - Sendotu dagigun Jangoikoari emondako erantzuna, geure fedea alkarrekin autortuz Sinisten dot, Sinisten dot + Sinisten dogu Jainko Aita ahalguztiduna Zeru lurren egilea. + Sinisten dogu Jesukristo haren seme bakar, gure Jauna. + Sinisten dogu Espiritu Santua, Eliza santu, katolikua, Santuen alkartasuna eta Betiko bizitza. Amen. 10.- Herri otoitza (+zuzendariak ohargileak) + Jaunaren etorreraren zain, egin dagigun otoitz. Kristinau guztiok maitasun eta itxaropenaren testigantzea emon dagigun beti. Eskatu deiogun Jaunari. Gabon jaien eraginez, zuzentasuna, askatasuna eta bakea izan daitezan beti gure herrian eta munduko herri guztietan. Eskatu deiogun Jaunari. Caritasen antzera, egunero jo eta ke jardunez, Jaungoikoa azkenengoengan eta Gabon jaiak saminez eta tristuraz beteta igaroko dabezanengan ikusi dagigun eta laguntza emon deiegun. Eskatu deiogun Jaunari. Gabonak kristau sakontasunaz bizi daiguzan. Eskatu deiogun Jaunari. + Jaungoiko Jauna, Amabirjinearen fedea eskertuz, emakumeen artean bedeinkatu dozu Jaunaren Ama lez; bere bitartekotzaz, onartu gure erreguak eta lagundu zure bisitearen zeinuak antzematen. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. 11.- Diru batzea (ohargileak DIRU BATZEAREN AURREKO OHARRA Jesusi jarraitzea bidegabekerien aurka konprometitzea da; biziz eta Jainkoz betetako mundu hobea ahalbideratzen daben konpromiso txikiak batzea da. Geuk ere egin daikegu zerbait eta pobrezia eta baztarketan dagozan pertsonei lagundu deikiegu. Gaur batzen dan dirua Elizbarrutiko Caritasentzat izango da. Eskerrik asko guztioi zuon laguntzagaitik. JAUNARTZERAKO GERTAKIZUNAK (Gure Jauna sagrariotik atara eta altara gainean jartzen da) 12.-Esker onezko otoitza (Zuzendariak) Gaur eguneko gizakia, non jarri dituzu zure begiak?, non jarri dozu zure itxaropena? Gaur eguneko gizakia, non dozu zure ibilbidearen helmuga? danaren gose zara eta ez zaitu ezerk asetzen. Euki daukazu, eta eukite horrek ez zaitu zoriontsu egiten. Eskeintza ugari egiten deutsuez eta lur jota jarraitzen dozu. Gaur eguneko gizakia, ireki begiak ikusten ez dozunari! Begira, mendietatik dator, gizon makala eta itxura apalekoa. pekatarien artean nahasturik aurkitzen da, euretako bat lez bateatu egiten da, eta ez dau inork bere dohaina ezagutzen. Gizon makal hau da -eskeinitako Erreiuna sortu daiten- Jainkoak gizakien artean ereindako hazia. Gaur eguneko gizakia, ohartu zaitez zure ase ezinezko egarri eta goseaz, eta ireki zure bihotza etorkizun barriari. Barri guztia Beragan dago. Ez egizu bilatu: ez eukitean, ez inoiz betetzen ez diran hitz hutsetan. Gaur eguneko gizakia, ohartu zaitez zure bakardadeaz eta ixiltasunean zugaz bat egitera datorrenari bidera urten egiozu. Gogoratu Berak iragarritako barria: "JAINKOAK GIZAKIA MAITE DAU GAUR BERAGAZ GOGORATZEN DA" 13.- Gure Aita + Esker otoitza amaiturik, zuzendu deiogun Jesusek irakatsitako otoitza Jainko Aita onari. Pozez beterik abestu dagigun: Gure Aita... 14.- Bakearen ohikunea (Zuzendariak) + Jesukristo gure Jauna, herri guztiak salbatzera eta bakearen poz betea ekartzera, etorriko zarana: Begira zure eleizaren sinismenari eta ez gure pekatuei; eta zure gogoa danez, Emoiozu eleizeari bakea, emon batasuna, Errege bizi zara ta, gizaldi eta gizaldietan. - Amen + Emon daiogun bakea alkarri. 15.- Jaunartzea (Zuzendariak) + Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, hona munduko pekatua kentzen dauana. Zoriontsuak honen mahaira deituak. Jauna, ni ez naz nor Zu nire etxean sartzeko, baina esaizu hitz bat eta osatuko naz. (Abestia edo musika) 16.- Oharrak (Ohargileak) 17.- Otoitza (Zuzendariak) Abiatzea, batez ere, norbere baitatik urtetea da. Geure “Ni”an estutzen gaituan norberekeria gainditzea. Abiatzea, norbere buruaren inguruan bueltak emoteari iztea da, nork bere burua munduaren eta bizitzaren oinarritzat ez hartzea. Gure mundu txikiko arazoek inguratuta, giltzapean ez geratzea da abiatzea. Gizateria haundiagoa da, eta horren zerbitzari izan behar dogu. Abiatzea ez da kilometroak ‘irenstea’, itsasoak zeharkatzea edo egundoko abiadurak lortzea. Besteengana zabaltzea da, besteez jabetzea, euren bila joatea. bestei deia batzuetara zabaltzea, baita kontrakoetara ere. Ibiltari onaren antza izatea da.. 18.- Azken aholkua (Ohargileak) - Senideok, Andra Maria lagun izan dagigula. Berak irakatsi dagigula behartsuenak maiteen izaten, eta gure artera datorren Jaungoikoa onartzen eta maitatzen. 19.-Onespena (Zuzendariak) + Bedeinkatu eta gorde gaizala Jainko Ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak. Amen. Abestia: "Agur Jesusen Ama... " + Goazen Jaunaren bakean. Eskerrak Jainkoari. / le 12 décembre 2006
|